Ekitaldian, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko sailburuordea, Abel Ariznabarreta izan da.
Hezkuntza munduan Antzuolako ikastetxeko hezkuntza metodologia eredu den bezala, haurreskola ere eredu izango da beste haurreskola askorendako. Espazio banaketa, ekipamendua eta baita hezkuntza proiektua oso modu berezian zaindu dira eta aholkularitza profesionala erabili da horretarako.
Haurreskola herriko ikastetxean dago eta ikastetxearekin harreman zuzena du: irakasleekin, hezkuntza proiektuarekin, instalazioekin (psikomotrizitate gela erabiltzen dute adibidez).
Ordutegia eta kuotak
Urte osoan egongo da zabalik, jai egun ofizialetan eta abuztuan izan ezik. Ordutegia, berriz, 07:30etik 18:30era artekoa izango da. Hileko kuota 135 eurokoa da haurreskolan bost ordu edo gutxiago ematen dituzten umeendako eta 180 eurokoa bost ordu baino gehiago eginez gero.
Oraingoz bost umek eman dute izena eta bi irakaslerekin jarduten dute.
Ate irekiak
Bestalde, arduradunek jakinarazi nahi dute domekan, otsailaren 13an, haurreskola zabalik egongo dela. Ezagutu nahi dutenek 12:00etatik 14:00etara joan beharko dute.