Datorren asteko martitzenean, hilak 21, hasiko dira ekitaldiok, Santo Tomas azokarekin. Herri Ikastetxeko neska-mutikoek egingo dute azoka hori, eta ikusgai jarriko dituzte baserriko era guztietako produktuak.
Gabon egunean, berriz, kantu kalejiren eguna izango dugu; goizean, Herri Ikastetxekoek egingo dute kantu kalejira. Arratsaldean, berriz, abesbatzakoen eta euskal presoen aldeko kalejiraren txanda izango da.
Abenduaren 30ean, bestalde, umeendako jolas parkea jarriko dute frontoian, goizez eta arratsaldez.
Abenduaren 31n, azkenik, urteko azkeneko mendi irteera egingo du Arrolak, Aizkorrira, hain zuzen ere.
Kirol ekitaldi ugari
Gabonetako janaldi eta edanaldien artean, kirolendako tartea ere egongo da herrian, kirol ekitaldi ugari izango dugu.
Hilaren 27tik 28ra, Antzuola Kirol Elkarteak antolatuta, Alfonso Castroren oroimenezko V. areto futbol txapelketa jokatuko dute. 8 eta 14 urte bitarteko neska-mutikoendako da txapelketa hori.
Abenduaren 28tik 29ra, berriz, areto futboleko 24 orduak jokatuko dituzte, Gazte Asanbladak antolatuta. Talde bakoitzak 40 euro ordaindu beharko ditu, eta gutxienez bost jokalari eta gehienez 10 izan beharko ditu. Izena emateko aukera duzue, hilaren 20a baino lehen, gaztetxean eta Surpe, Gailur eta Larrea tabernetan.
Azkenik, Xabier Barkeroren omenezko partidua ere jokatuko dute Gabon jai hauetan. Hilaren 30ean izango da hori, 16:00etan, Estala futbol zelaian. Barkeroren taldekide izandakoek gaur egungo jokalarien aurka jokatuko dute. Iluntzean, berriz, lagun arteko afaria egingo dute, jokalariek, zuzendaritzakoek eta euren bikotekideek.