Patxi Cabo kartzelaratu dute eta Amaia Mundiñano aske utzi dute bermea ordainduta

A. Leibar 2004ko aza. 19a, 09:35
Asteartean Antzuolan atxilotutako Patxi Cabo eta Amaia Mundiñanok atzo deklaratu zuten Garzon epailearen aurrean. Patxi Cabo kartzelaratzeko agindua eman zuen epaileak. Amaia Mundiñanori 1.000 euroko bermea ezarri zion, eta aske utzi zuen kopuru hori ordaintzeko 48 ordu emanda.

Asteartean Espainiako Poliziak atxilotutako hamasei lagunetatik bederatzik deklaratu zuten atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean. Horietatik sei espetxera bidali zituen Baltasar Garzon epaileak eta beste hirurei aske irteteko aukera eman zien.

Patxi Cabo ez beste atxilotu guztiei deklaratu aurretik kendu zieten inkomunikazioa eta, beraz, konfiantzazko abokatuarekin egon ziren Garzonen aurrean. Cabo, berriz, inkomunikatuta mantendu zuten deklarazio unean ere.

Atzo deklaratu zuten bederatzi lagunek

Kartzelaratutakoak: Maider Viso, Patxi Cabo, Lorea Azpilikueta, Igor Astibia, Iban Medina eta Koldo Lekuona. Denak Soto del Real-eko espetxera eraman dituzte. Medina "atxiloketa judiziala" kontzeptupean bidali zuen espetxera epaileak; deklarazioak bukatu arte espetxean mantenduko du Medina, eta ondoren erabakiko du haren egoeraren inguruan. Hori izan zen fiskalaren eskaria eta horixe epaileak erabakitakoa.

Aske utzi dituztenak: Amaia Mundiñano, Gustavo Fernandez eta Aitziber Igoa. Amaia Mundiñanori 1.000 euroko bermea ezarri zion, eta aske utzi zuen kopuru hori ordaintzeko 48 ordu emanda. Zalduondon atxilotutako Gustavo Fernandez eta Zumaian atxilotutako Aitziber Igoa, berriz, bermerik gabe utzi zituen aske.

Beste atxiloketa bat

Espainiako Poliziak Xabier Balerdi atxilotu zuen atzo arratsaldean Ordizian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak