Txomin Alberdi, Antzuolako Gazte Asanbladako kidea: "Uste genuena baino jende gehiago dabil gaztetxean”

Aintzane Irizar 2004ko aza. 4a, 13:49
Hilabete baino gehiago pasatu da gaztetxea zabaldu zutenetik. Ordutik gauzak zela doazen jakin nahi izan dugu. Horretarako, Txomin Alberdi gazte asanbladako kidearekin berba egin dugu.

Hilabete eta erdi inguru pasatu da gaztetxea zabaldu zenutenetik. Ze balorazio egiten duzue gazte asanbladan?

Orokorrean, oso balorazio positiboa egiten dugu. Alde batetik, lokala zabaldu zenetik, gazte asanbladan geroago eta jende gehiagok dihardu lanean; bestetik, gaztetxean bertan ere guk uste genuena baino jende gehiago dabil, egunero eta antolatu ditugun ekintzak ere oso arrakastatsuak izan dira.

Egia da arazotxo batzuk izan genituela eta hiru egunez itxita egon zela, lokal barruko hainbat gauza apurtu zituztelako batzuek; baina, arazo hori dagoeneko konpondu genuen eta pozik gaude.

Zela funtzionatzen du gaztetxeak?

Koadrila bakoitzak badauzka giltzak eta giltzak dituzten guztiek euren ardurak ere badituzte. Astero koadrila bati egokitzen zaio gaztetxea garbitzea; egunero garbitzen dugu lokala, eta bi egunetik behin, komunak garbitzen ditugu. Bestalde, gaztetxearen arduradun nagusia gazte asanblada da; asanbladaren barruan taldeak egin ditugu, eta talde bakoitzak bere ardurak ditu. Talde bat, adibidez, barne funtzionamenduaren arduraduna da; eurek erosten dute janaria, edariak eta abar; beste talde bat diru kontuetaz arduratzen da... Egubakoitzero elkartzen gara talde guztiak eta gauzak zela doazen ikusi.

Zenbat gaztek erabiltzen du gaztetxea?

Astean zehar egunero erabiltzen dugunok berrogei bat lagun izango gara, gutxi gorabehera.

Orain arte ze ekitaldi antolatu duzue?

Inauguraziorako bertso afaria antolatu genuen; gero, ibarreko gazte asanbladen topaketa ere izan genuen eta orduan ere afaria egin genuen.

Aurrera begira, berriz, ekintza garrantzitsuena izango da Hiesaren gainekoa; Txo Hiesakoekin harremanetan gaude, berbaldi bat antolatzeko. Bestalde, Gabonetako 24 orduak eta Independentzia eguna ere geuk antolatuko ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak