Goizperrek bat egin du Portugaleko enpresa batekin, moldeak ekoizteko

Aintzane Irizar 2004ko ira. 30a, 13:33
Portugaleko Moldegama enpresarekin bat egin du Goizperrek, moldegintzaren negozioan sartzeko. Domekan bertan joango dira ibarreko 11 lagun Portugalera, lanbidea ikastera. Laster, planta berri bat jarriko dute Antzuolan, moldeak egiteko.

Aspalditik zuten elkarren berri Moldegama eta Goizper enpresek. Izan ere, Moldegamak moldeak egiten ditu, eta Goizperren hornitzaileek moldeak behar izaten dituzte Antzuolako enpresari hainbat lan egiteko. Plastikoaren alorrean, batez ere, inguruko hainbat enpresak piezak egiten dizkio Goizperri; pieza horiek egin ahal izateko moldeak ekoizten ditu Portugaleko Moldegama enpresak.

Orain dela lau urte, 2000. urtean, hain justu, jarri ziren harremanetan bi enpresak eta dagoeneko bat egin dute. Orain, Portugaleko enpresaren kapitalaren zati handiena Goizperrena da.

Antzuolan planta berri bat

Orain dela hilabete batzuk joan ziren Portugalera negozio berriko arduraduna izango dena eta ekoizpen eta teknikari arduradunak izango direnak. Nazare ondoan dago Moldegamaren lantegia. Molde handiak eta ertainak egiten dituzte hantxe. Etzi bertan, hamaika langile joango dira hara, Goizperrek kontratatu berri dituenak, lanbidea ikasteko helburuarekin. Horietako batzuk hilabete batzuk besterik ez dute egingo hantxe, eta beste batzuk, berriz, urtebete inguru.

Gero, Antzuolan, Goizperren eraikinean bertan, lantegi berria jarriko dute, molde txikiak egiteko. Orain Portugalera doazen langileak, gero, Antzuolan hasiko dira lanean. Dena dela, Portugaleko lantegiak bere horretan jarraituko du, molde handiak eta ertainak egiten. Olaker enpresako ikertzaileek ere zeregin garrantzitsua izango dute; moldegintzaren munduan ere sartuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak