Lau futbol taldeak osatzea lortu du, azkenean, Antzuola Kirol Elkarteak

Aintzane Irizar 2004ko abu. 31a, 19:45
Nahikoa lan izan dute Antzuola Kirol Elkarteko arduradunek futbol taldeak osatzeko. Erregional mailako taldea osatzea lortuko ote zuten beldur ziren, baina, azkenean lortu dute. Orain, entrenatzaile beharra dutela azaldu digute elkarteko arduradunek.

Martitzenean, abuztuak 31, izan zuten erregional mailako kideek denboraldiko lehen entrenamendu saioa. Denboraldiko lehen partidua, berriz, irailaren 19an izango dute.

Kostata, baina, lortu du Antzuola Kirol Elkarteak erregional mailako taldea osatzea. Dena dela, oraindik ere dei egin nahi diete futbol jokalariak izandako herritarrei taldean sartu daitezen. Aurtengo denboraldian Bergarako sei jokalari izango ditu talde antzuolarrak; jokalari horiek talderik gabe geratu dira, BKEk erregional mailako taldea kendu egin du-eta. Honako hauek dira jokalari bergararrak: Martin Zaitegi, Manex Altuna, Alex Abajo, Aitor Blanco, Jabi Berraondo eta Andoni Ibarbarriaga. Momentuz, entrenatzaile bakarra du talde nagusiak, Gurutz Zabalo, hain zuzen ere.

Gazte mailako taldea ere hasita dago entrenamenduekin; abuztuaren 25ean, hain zuzen ere, ekin zieten denboraldi berriko entrenamenduei. Pablo Olalde eta Gaizka Asensio izango dira aurten ere gazteen entrenatzaileak.

Kadeteei dagokienez, Mikel Larrañaga arduratuko da aurten gazteenak entrenatzeaz.

Nesken taldea aurrera atera dute

Azkeneko momentura arte zalantzan egon dira, baina, azkenean, nesken taldea ere lortu dute aurrera ateratzea. Jokalari gehienak iazko denboraldikoak izango dira, baina, badaude jokalari berri batzuk ere.

Nesken taldean orain duten arazoa da entrenatzailerik ez dutela. Hala ere, Jose Angel Fernandez arduratuko da taldea entrenatzeaz, entrenatzaile berri bat topatu bitartean.

Jose Angel Fernandez AKEko presidenteak adierazi digunez, horixe da orain duten arazo handiena: entrenatzaile falta, alegia. Izan ere, kadete mailan, entrenatzaile bakarra dute, Aritz Saidik taldea laga eta gero; erregional mailako taldean antzeko zerbait gertatzen da: Gurutz Zabalo bakarrik dute, eta esan bezala, nesken taldearendako ez dute entrenatzailerik topatzen, Iratxe Azkargortak kargua laga beharizan duelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak