Dagoeneko Antzuolako hainbat etxebizitzatan ikusten dute GOITB. Orain dela aste batzuk jarri zuen GOITBk antena Antzuolan, Altzeta baserriaren ondoan, hain zuzen ere. Beste etxebizitza batzutan, baina, oraindik ezin dute Goiena Telebista ikusi. Kontua da antena kolektiboa duten etxebizitza-multzoetan 40. kanalerako anplifikadorea jarri behar dela. Anplifikadore hori edozein instalatzailek jarri dezake eta ez da garestia izaten, kontuan hartuta bizilagun guztien artean ordaindu behar dela. Antena arrunten kasuan, berriz, nahikoa da telebista sintonizatzearekin.
Antzuolako Udaleko eta Goienako arduradunek esan digutenez, Jaurlaritzak antenen kudeaketarako duen enpresarekin dihardute negoziatzen baimen eta ordainketa kontuak. Horregatik, oraindik ez dago baimen ofizialik, baina, espero dute laster izango dituztela baimen guztiak.
Astelehenean, programa berezia
Gauzak horrela, herritar askok izango du aukera GOITBk astelehenean emitituko duen jaien gaineko programa berezia ikusteko. Astelehenean, hilak 19, gaueko hamarretan ikusi ahal izango dugu programa hori. Eguaztenean, berriz, errepikapena botako dute, 20:30ean. Antzuolako jaiei errepasoa egingo diote programa horretan.