Domekan, 09:30ean hasiko da amateur mailako txirrindulari lasterketa. 19 eta 20 urteko txirrindulari onenek parte hartuko dute Iñaki Leteren oroimenezko XII. froga honetan.
Antzuolako plazan hasita, 125 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Antzuolatik Oñatira abiatuko dira eta berriro Antzuolara itzuliko dira txirrindulariak; bi aldiz egingo dute ibilbide hori, eta bigarren aldiz Antzuolara iristen direnean, Deskarga igoko dute; handik, Legazpi pasatu ondoren, Oñatira joango dira berriro. Oñatitik Bergarara abiatuko dira, eta Angiozar eta Asentzio gaina igoko dituzte; Elgeta eta Bergara pasatu ondoren, helmugara abiatuko dira. Antolatzaileen kalkuluen arabera, 12:40 aldera iritsiko dira helmugara.
Erretiratuen Eguna
Domekan, bestalde, Erretiratuen Eguna izango da. 11:30ean, meza izango dute, urtean zehar hil direnen alde. Bergarako San Joxepe erretiratuen elkarteko abesbatzak parte hartuko du mezan. 14:00etan, berriz, bazkaria egingo dute Herri Ikastetxean, eta ondoren, dantzaldia izango dute.