Jose Luis Kortabarria izango da elkarte berri honetako presidentea. Bera izan da urtetan alardeko protagonistetako bat, kapitainaren papera egin du eta. Berarekin eta elkarteko beste kide batzuekin batera, egueneko aurkezpen ekitaldian izango dira, besteak beste, Udaleko ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako kultura ondarearen zuzendari Arantxa Artzamendi eta Foru Aldundiko ondarearen teknikari Gabriela Vives.
Alardea bultzatzea helburu
Jose Luis Kortabarria presidenteak azaldu digunez, euren helburua da alardea babestea, bultzatzea eta indarberritzea. Bestelako ondareak babesten eta zaintzen diren moduan, ohiturak ere ondareak dira eta. Gainera, herritarren parte hartzea bultzatu nahi dute. Momentuz, bost lagunek dihardute elkarte horretan, baina ateak zabalik dituzte parte hartu nahi dituenarendako.
Eskopetarien kapitain berria
Bestalde, alardeko eskopetarien kapitain berria ere aurkeztuko dute eguenean. Jose Angel Arbuluk egingo du aurrerantzean paper hori. Genaro Laskurain ibili da kapitain lanak egiten azkeneko 25 urteotan, baina, iaz aurreratu zuen bezala, laga egingo du zeregin hori.