Eguraldia lagun zutela ospatu zuten antzuolarrek San Isidro eguna, zapatuan. Goiz eta eguerdi partean artisau eta ganadu azoka izan zen plaza inguruan. Ardiek, pottokek, behiek, astoek... hartu zuten plaza. Hala, herriko baserrietan duten ganadua ikusteko aukera polita izan zen. Bestalde, postu ugari jarri zituzten Kalebarrenean eta herriko plazan. Kanpoko artisaurik bazen arren, Antzuolan bertan ere eskuekin lan bikainak egiten duenik badela ikusi genuen. Txirulak, xaboiak, bastoiak... egiten dituzte eurek.
Eskulanen ikastaroan parte hartu duten emakumeen lanak ere ikusgai zeunden elizako arkupeetan; baina eurek esan zigutenez, erakusteko zituzten, ez saltzeko. Urtero bezala, Txorimalo Lehiaketa egin zuten. Gaztetxoen mailan 18 lagunek hartu zuten parte eta bost txorimalo aurkeztu zituzten. Nagusien mailan erretiratuen elkarteko kideek bakarrik hartu zuten parte eta 90 euroko saria eskuratu zuten. Felipe printzearen eta Letiziaren irudiak egin zituzten eurek.
Elkartasun festa
Anelkarrek -Antzuolako Elkartasun Taldea- pintxoak saltzeko txosna jarri zuen; goizean herriko plazan eta arratsaldean Zurrategi plazan. Bestalde, bidezko merkataritzako postua ere jarri zuten, Arrasateko Harreman denda ezagutzera emateko asmoarekin. 1.092 euro lortu zituzten; diru horren zati bat Harreman dendari ordaintzeko izango da eta bestea Brasil, Uruguay eta Ekuadorren dauden herriko misiolariei laguntzeko.
Omenaldi bikoitza
Arratsaldean Nartxi Saralegiren omenezko II. jaialdia egin zuten pilotalekuan. Antolakuntzan jardun zutenek Felix Berraondo zena ere omendu nahi izan zuten; hala, Arantxa Alberdi haren alargunari oroigarria eta lore sorta eman zizkioten.
Punta-puntako harri-jasotzaileak lehiatu ziren Antzuolan: Ostolaza, Izeta eta Goenatxo. Arrospide eta Peñagarikano aizkolariek ere lehian jardun zuten eta lehena irten zen garaile. Ruben Saralegi -Nartxiren semea- eta Julen Aranbarri gazteek ere jardun zuten enborrak mozten.