Joseba Lamariano: "Ikastaroa sukaldean ibiltzera ohitu gabeko jendeari zuzenduta dago"

Aintzane Irizar 2004ko mai. 6a, 17:45
Idolaz euskara elkarteak antolatuta, sukaldaritza ikastaroa eskainiko du Joseba Lamarianok, maiatzaren 25ean, 26an eta 27an. Maiatzaren 11n eta 12an eman behar da izena udaletxean edo liburutegian. Sukaldariarekin berba egin dugu.

Zer ikasi ahal izango dute ikastaro honetan parte hartzen dutenek?

Ikastaroa hiru egunekoa izango da, maiatzaren 25etik 27ra; lehenengo egunean, entsaladak egingo ditugu, entsalada epelak eta hotzak: arrainarekin, ahatearekin... Bigarren egunean pastarekin egindako platerak egiten ikasiko dugu: kaneloiak, lasagna, espinakak gainerreta... Hirugarren egunerako, berriz, ez dugu ezer pentsatu; aurreko bi egunetan, denon artean erabakiko dugu ikastaroko azkeneko eguna zela antolatu.

Zeini zuzenduta dago ikastaroa?

Batez ere, jende gazteari, sukaldean ibiltzera ohituta ez dagoen jendeari; hala ere, askotan gertatzen da sukaldaritzarekiko zaletasuna dutenak etortzen direla horrelako ikastaroetara.

Behar besteko arreta jartzen diogu jaten dugunari?

Nik uste dut gero eta okerrago jaten dugula; aurrez prestatutako janari asko erosten dugu, eta horiek koipe asko izaten dute, gatza ere gehiegi... Garai baten, norberaren amaren kroketak ziren onenak; orain, denoi gustatzen zaigu berdinak, denok berdinak erosten ditugu eta. Arazoa da denok presaka bizi garela eta sukaldean ibiltzeko denbora oso laburra izaten dugula.

Eman iezaguzu menu egoki bat, udako jatordu baterako.

Hasteko, tomatea hegaluzez beteta; ondoren, muxarra labean eginda, eta postrean, frutekin egindako gelatina bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak