Gazteek Kalebarrenen eta gaztetxoek Errekalden izango dute lokala

Aintzane Irizar 2004ko api. 28a, 12:40
Udaleko arduradunek, Gazte Asanbladako kideek, gaztetxoek eta Txatxilipurdiko kideek izandako hainbat batzarren ondoren, honakoa adostu dute: gaztetxoek Errekalde auzoan izango dute lokala; gazteek, berriz, Kalebarrenen, lehen egon ziren tokian

Badira hilabete batzuk Udala gazteen lokal faltaren arazoa aztertzen dabilela. Horrela, Txatxalipurdi elkarteari eskatu zion gazteen egoera, beharrizanak eta nahiak aztertzeko ikerketa egin zezala.

Udaleko arduradunen esanetan, ikerketa horretan argi ikusi zuten 12 eta 15 urte bitarteko gaztetxoen eta 15 urtetik gorakoen helburuak ez zirela berdinak.

Udalaren hasierako asmoa lokal bakarra jartzea zen arren, azkenean, bi lokal behar direla ikusi dute.

Gaztetxoenendako Udalak Errekalde auzoan daukan lokala egokituko dute. 15 urtetik gorakoendako, berriz, Kalebarrengo lokala izango da.

Egoteko toki bat

Gaztetxoenek bi begirale izango dituzte Errekaldeko lokalean, eta elkarrekin, aisialdirako hainbat ekintza antolatzeko aukera izango dute.

Azken baten, 12 eta 15 urte bitarteko gaztetxoek behar dutena da egoteko toki bat.

AGA-ren helburua, gaztetxea

Gazte Asanbladako kideak ere gustura daude, Udalarekin akordio batera heltzear daudelako. Euren helburua eta beharrizanak, baina, ezberdinak dira: eurek kudeatutako gaztetxea nahi dute. Dena dela, pozik daude lortutakoarekin.

Oraindik hainbat batzar egin beharko dituzte Udalak, Txatxilipurdik eta gazteek, batez ere, lokaletako arauak zehazteko: ordutegia, garbitasuna, zaraten gaineko arauak...

Azkenik, aipatzekoa da Udalak lokalen inguruetako bizilagunekin eta dendariekin batzarra egiteko asmoa duela, hartutako erabaki hauen berri zuzenean emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak