Ordutik, Anelkar Antzuolako Elkartasun Taldeak ere hamaika bider batu izan du dirua Senegalera bidaltzeko. Harreman horren ondorioz, Montserratek Antzuola eta bertako herritarrak ezagutzeko gogoa zuen. Horrela, Kataluniara bisitan zetorrela aprobetxatuz, Antzuolara etorri da bizpahiru egun pasatzera, bere ilobarekin. Azken hau ere moja da, baina, Bartzelonan.
Antzuola eta Euskal Herriko hainbat toki ezagutzeko aukera izan due Montserratek eta bere ilobak. Astelehenean, berriz, afaria egin zuten Danok Bat elkartean, Anelkarreko lagunekin batera. Katekesiko neska-mutikoak ere hantxe izan ziren afariaren aurretik, Montserratekin solasean.
Afalostean, berriz, solasaldi polita izan zuten afarian parte hartu zutenek; Senegaleko ohiturak, bizimodua, egoera ekonomikoa eta abar izan zituen hizpide Montserratek. 34 urte daramatza Senegalen; erizaina da, eta 25 bat urte egin zituen amagintzako ospitale baten lanean. Ikastetxeak ere badituzte moja horiek Ziginchoren, Casamance eskualdeko hiriburuan.
Bide batez, antzuolarrak Senegal ezagutzera animatu zituen. Afalosteko solasaldian egon zen bateren batek azaldu zuen horretarako interesa.