Aurkeztutako proiektuen artean, kiroldegiarena izango da, seguruena, lehenengo aurrera eramango dutena; izan ere, gaur egungo frontoia bota eta han etxebizitzak, erretiratuen egoitza, anbulatorioa eta abar egin ahal izateko, lehendabizi, kiroldegia egin beharko dute. Dena dela, Izartu programako dirulaguntzen menpe dago proiektu hori, gainerako guztiak bezala. Eusko Jaurlaritzari aurkeztuko dizkio Udalak lehengoan jendaurrean aurkeztutako proiektuak, eta horiek Izartu programan onartzea espero dute.
Aurreproiektua eginda
Kiroldegi berria izango denaren aurreproiektua dagoeneko eginda dago; proiektua noiz egingo duten, baina, oraindik ez dakite Udaleko arduradunek. Ingenieria XXI enpresak egin du aurreproiektua.
Gutxi gorabehera, Udalaren asmoak zeintzuk diren ikusten da aurreproiektu horretan. Dena dela, proiektua egiteko, herriko kirol taldeetako arduradunekin berba egin eta euren iritziak ere hartuko ditu kontuan Udalak.
Kirol gehiago egiteko aukera
Kiroldegi berria izango den eraikinak, bi zati izango ditu, bi mailatan eraikita: maila altuenean, frontoia, gimnasioa, aldagelak eta abar egitea aurrez ikusten da. Beheraxeago, berriz, hainbat kiroletarako pista: eskubaloia, saskibaloia, areto futbola... Eraikinaren bigarren zati horrek, teilatu laua edukiko du; horrela, gaineko aldean, adibidez, tenis pistak egiteko aukera egongo litzateke.
Igerilekurik ez
Kiroldegiaren aurreproiektuan, baina, ez dute igerilekurik aurrez ikusten. Dena dela, igerilekua egiteko aukerarekin koherentea den eraikina izango dela azaldu digute Udaleko arduradunek. Hots, etorkizunean igerilekuak egiteko aukera ematen duen eraikina izango dela.