Joseba Tapiaren kontzertua domekan

Usoa Agirre 2004ko urt. 21a, 11:18
Gerra zibilaren gaineko ekitaldi sortaren barruan, Joseba Tapiaren kontzertua izango dugu hilaren 25ean Antzuolan. "Agur Intxorta maite" diskoa aurkeztuko du Arkaitz Miner eta Jexus Aranbururekin batera. Kontzertuaz gain, gerra zibilaren gaineko argazki erakusketa egongo da asteburuan Olaranen.

Galtzaileen bandoko kantuak

Galtzaileen bandoko kantuak

Agur Intxorta maite kantu sorta 2001eko udazkenean grabatu zuten Berrizko Lorentzo Recordsen eta urte horretako Durangoko Azokan aurkeztu zen harrera oso onarekin. Bertan, Tapiak kantari, jotzaile eta konposatzaile handia dela erakusten digu berriro zuzenean. Apoaren Edertasuna eta Quebec-en ondoren bere hirugarren monografikoa izan zen hau eta bertan 1936ko kantutegian arakatu eta ezezagun ziren kantuak errekuperatu eta musikatu egin ditu. Galtzaileen bandoko kantuak, jakina.

Oraingoan, errepertorioa berreskuratu eta zuzenen eskaintzen du ohiko bi musikarien laguntzarekin: Arkaitz Minerrek biolina eta mandolina jotzen ditu eta Jexus Aranburuk pianoa.

Joseba Tapiaren zuzeneko emanaldia urtarrilaren 25ean, domeka, arratsaldeko 19:00etan izango da, herri ikastetxeko aretoan.

Hitzaldia eta erakusketa

Eguenean hasiko dituzte gerra zibilaren gaineko ekitaldiak. Hitzaldia egingo du Aranzadi zientzia elkarteko Juantxo Agirrek, Olaran etxean, arratsaldeko 19:00etan. Horrez gain, gerra zibilaren gaineko erakusketa zabalduko dute Olaran etxean. Zapatuan eta domekan, eta hurrengo asteburuan, urtarrilak 31 eta otsailak 1, egongo da erakusketa hori zabalik; 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:00etara zabalduko dute.

Erakusketa horretan, bat egingo dute bi erakusketak: batetik, Sabino Arana kultur elkargoaren ¡Nunca mas! Gerra irudiak 1936-1939 erakusketa izango dugu; eta, bestetik, Debagoieneko fusilatuen lagun eta senideak taldearen Hazia erein zenutenoi izeneko erakusketa.

Bestalde, Antzuolako EAJ-ren materialarekin osatu nahi izan du erakusketa Udalak; horrela, besteak beste, Simon Arrietak egindako oihala, Emakume Abertzale Batzaren eta batzokiko ikurrinak eta argazkiak jarriko dituzte ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak