Balzers-Elayko langileak greban

Julen Iriondo 2004ko urt. 8a, 20:26
Antzuolako Balzers-Elay enpresako langileek mugagabeko greba hasi dute. Lan-egutegiak sortu du enpresako arduradunen eta beharginen arteko elkar ulertu ezina. Zehazkiago, langileak ez daude ados larunbatetan lan egitearen truke enpresak eskaintzen dienarekin.

Lan-egutegia negoziatzerakoan larunbatetan bost ordu lan egitea proposatu zien Blazers-Elay enpresako zuzendaritzak langileei. Hauek ez zuten onartu hasieran. Gerora, ordea, larunbatetan lanera joateko prest azaldu ziren, baina baldintza batzuekin. Langileek eskatzen dutenaren eta enpresa emateko prest dagoenaren artean, ordea, alde nabaria dago:

  • Langileen eskakizuna: larunbatean lan egindako 5 orduen truke 9 hartzeko aukera eta lan egindako ordu bakoitzeko 10 euro.
  • Enpresaren eskaintza: lan egindako 5 orduen truke 5 ordu hartzeko aukera eta ordu bakoitzeko 6 euro.

Honez gain, eguneroko lan jarduna 15 minutu gutxitzea ere proposatu die zuzendaritzak langileei, opor garaian sei egun gutxiago hartzearen truke. Honekin ere ez daude ados beharginak.

Bi hilabeteko borroka

Duela bi hilabete inguru hasi ziren lan-egutegiaren gainean hizketan Balzers-Elayko zuzendaritza eta enpresa batzordea. Gabonetako oporrak hartu aurretik, ordea, arduradunek langileei jakinarazi zieten euren proposamena mahai gainean zegoela eta aldatzeko asmorik ez zutela. Hala, langileek batzarra egin eta urtarrilean mugagabeko greba hastea erabaki zuten.

Estaldura estragogorrak egiten dituzte Antzuolako enpresan. 40 langile ditu, baina horietatik 24 ari dira lanuztea egiten, zuzeneko ekoizpenean dihardutenak, hain zuzen ere. Bulegoko langileek, berriz, lanean jarraitzen dute, haiek beste egutegi bat dute-eta.

Greban diren Balzers-Elayko langileak lantegiaren aurrealdean bilduko dira egunero, goizetan 09:00etatik 12:00etara eta arratsaldeetan 16:00etatik 18:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak