Kontzertua eskainiko dute musika ikasten ari diren gaztetxoek

Eneida Iturbe 2003ko abe. 10a, 18:34
Gabon inguruan Bergarako Musika Eskolan ikasten diharduten neska-mutil antzuolarrek kontzertua ematen dute herrian. Aurten ere hala egingo dute; martitzenean izango da kontzertua udaletxeko bilkuren aretoan, arratsaldeko 19:00etan.

Gainean ditugu Gabonak, eta laster hasiko dira horien inguruan antolatzen diren ekitaldiak. Datorren astean, esate baterako, Bergarako Musika Eskolan ikasten ari diren herriko neska-mutilek kontzertua eskainiko dute. Kontzertu hori urtero egiten dute Gabon inguruan. Aurten martitzenean izango da, arratsaldeko 19:00etan, udaletxeko bilkuren aretoan.

Errepertorio zabala

Berrogeita hamar bat antzuolarrek hartuko dute parte kontzertu horretan, 7 urtetik hasi eta 18 urte bitartekoak. Errepertorio zabala eskainiko dute; hori bai, asko Gabonetako abestiak izango dira.

Klarinetea, txistua, gitarra, flauta, oboea, soinua eta biolontxeloa dira herriko gaztetxoek jotzen dituzten instrumentuetako batzuk. Abestiak bakarka, bikoteka zein pianoaren laguntzarekin joko dituzte.

Bukaera berezia

Orain arte trikitiaren soinu alaiarekin amaitu izan dute kontzertua Musika Eskolakoek, baina aurten Ken 7 taldearen Ilargia abestia joaz eta kantatuaz emango diote amaiera. Gitarrak, biolina eta biolontxeloaren musika eta Hizkuntza Musikaleko 1. eta 2. mailan dauden umeen ahotsak izango dira protagonista abesti horretan.

Abestuko duten neska-mutikoek ez dute Hizkuntza Musikala ikastera Bergarara joan beharrik izaten, lehenengo bi mailak Antzuolan ematen dituzte-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak