Pasa den astean hasi ziren Gabonetako argiak jartzen herrian. Gaur piztuko dituzte lehenengoz, eta hala egingo dute datozen egunetan, 2004ko urtarrilaren 6a arte. Aurten, Udalaren helburua argiak herri osoan jartzea izan da, eta ez herrigunean bakarrik.
Egunez ere ikus daitezkeen izarrak ageri dira azken egun hauetan Antzuolan. Izan ere, herriko hogeita bi kale-argi izar itxurako argiz apaindu dituzte. Izarrak Kataluniako enpresa bati alokatu dizkio Udalak.
Herriko bi sarreretan Zorionak dioten argiak jarri dituzte. Horiez gain, Beheko auzoan, Errekalden eta Ondarren ere argiak daude; eta elizan izar handi bat. Udaletxeko balkoian argi-jauzia deritzona egongo da.
Sei mila euro gastatu ditu Udalak
Aurreko urteetan baino diru gehiago erabili du Udalak aurtengo Gabonetako apainketa egiteko. Argien alokairuan 4.000 euro gastatu ditu, eta muntaketa lanetan 2.000 euro.