Hiru antzuolarrek gertutik ezagutu dute Afrikako Kongo herrialdean umeek bizi duten egoera. Andres eta Bittor Arbulu anaiak eta Jone Lete izan dira han aurtengo udaran eta hango berri ekarri diote Anelkar Antzuolako Elkartasun Taldeari. Anelkarrek hango umeak laguntzeko kanpaina jarri du martxan. Aste honetan hasita dirua bilduko dute herrian Kanzeniako umeei eskola ordaintzeko.
Kanzeniako ume bati urtebeteko eskola ordaintzeko 18 euro bakarrik behar dira. Anelkarrek laguntza eskatzeko gutunak banatuko ditu Antzuolako etxe guztietan eta dirua biltzeko kaxak jarriko ditu herriko denda guztietan. Antzuolarren laguntzarekin ahalik eta ume gehienei ikasketak burutzeko aukera eman nahi die Anelkarrek.
Kongo ezagutzeko argazki erakusketa
Antzuolarrek lagunduko duten lurraldea ezagutzeko Kongoko argazki erakusketa izango da asteburu honetan eta hurrengoan Olaranen. Argazkiak han egondako antzuolarrek egindakoak izango dira. Argazkiak laguntzeko, azalpenak emango dituzten panelak ere egongo dira. Erakusketaren ordutegia ondorengoa izango da: zapatuan 18:30-20:00, eta domekan 12:00-14:00 eta 18:30-20:00.