'Euskal pilota' filma Antzuolan ikusteko aukera, zapatuan

Eneida Iturbe 2003ko aza. 19a, 21:07
Urteak dira Antzuolan nagusientzako zinerik ez dagoela. Asteburu hau, aldiz, berezia izango da, Euskal Pilota, larrua harriaren kontra filma emango baitute. Zinetokia ere ezohikoa izango da: Herri Ikastetxea. Sarrerak salgai daude Altzarten eta liburu dendan.

Donostiako Zinemaldian lehen aldiz eman zutenetik zeresan handia eman du Euskal pilota, larrua harriaren kontra film-dokumentalak. Estreinalditik bi hilabete pasa dira eta orain Julio Medemen filma herrian ikusteko aukera dago. Zapatuan bi emanaldi izango dira Herri Ikastetxean, bata 18:00etan eta bestea iluntzeko 22:00etan.

Sarrerak 3 euroren truke eros daitezke. Altzarte okindegian eta Itzar liburu dendan salgai izan dira aste guztian zehar. Dena den emanaldiak hasi aurretik, leihatilan erosteko aukera ere izango da.

Elkarrik antolatua

Elkarrik ekarri du Euskal pilota, larrua harriaren kontra herrira. Ekimen hau zinemarik ez duten zenbait herritan bultzatu du talde honek. Filmak Òbazterketa gabeko elkarrizketa eta akordioaren aldeÓ egiten duelako garrantzitsua iruditzen zaio Elkarriri jendeak ikustea.

Zineko proiektorerik ez dago Antzuolan, beraz, filmaren kopia bat lortzeaz gain, proiektorea ere alokatu egin behar izan du Elkarrik. Filma emateko Herri Ikastetxea aukeratu dute.

70 testigantza

Julio Medem zuzendari donostiarrak urteak daramatza Madrilen bizitzen. Betidanik nahi izan du Euskal Herriaren inguruko film bat egitea, baina horretara bultzatu duena Madrilgo prentsak euskal gatazkaz hitz egiteko duen era izan da. Bere ustez errealitatea sinplifikatu eta eraldatu egiten dute hauek. Horregatik, gatazkaren inguruko iritzi ezberdina izan dezaketen guztiei hitz egiteko aukera eman nahi izan die Medemek Euskal pilota, larrua harriaren kontra filmean.

Hirurogeita hamar lagun elkarrizketatu zituen zuzendariak pelikularako. Elkarrizketa bakoitzak 45 minutu edo gehiago iraun zuen, baina filmerako bakoitzetik segundo edo minutu batzuk bakarrik ikus daitezke filmean. Medemek berak egin zuen aukeraketa eta muntaia. Politikariak, idazleak, abeslariak, presoen eta ETAk hildakoen familiartekoak, torturatuak eta mehatxatuak dira Medemen filmean hitza duten batzuk. Eurekin batera euskal paisaia eta ohiturak, eta Mikel Laboaren abestiak ere protagonista dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak