Anelkar, bost urtez Hirugarren Munduari elkartasuna adieraziz

Eneida Iturbe 2003ko aza. 14a, 10:04
Anelkar sortu zen arte Antzuolan elkartasun talde ezberdinak zeuden, bakoitza bere aldetik lanean. Duela bost urte beren indarrak elkartzea erabaki zuten beharrean zeudenei hobeto laguntzeko.

Anelkar, Antzuolako Elkartasun taldea, 1998ko azaroaren 10ean sortu zen Gobernuz Kanpoko Erakunde bezala. Hiru talde ezberdinetako kideak elkartu ziren GKE honetan: Brasilera laguntza bidaltzen zuena, Bosniako guda zela eta sortutakoa, eta Rwandaren aldeko taldea. Bakarka lan egin beharrean, euren indarrak elkartuta zerbitzu hobea burutuko zutenaren ziurtasunarekin sortu zuten Anelkar.

Brasil, Senegal eta Kongo lagunduz

Ordutik Elkartasun Festak, hitzaldiak, erakusketak, bidezko merkataritzako postua etab. antolatu dituzte eta Hirugarren Munduko zenbait herrialde lagundu. Brasilgo Canudos lurraldera diru asko bidali dute, han Juan Antonio Lizarralde antzuolarra baitago. Hala ere, ez da laguntza jaso duen herrialde bakarra izan. 2000an botikak bidali zituzten Boli Kostara eta 2001ean jeneradorea Senegalera. Mozambike, Kongo eta El Salvador ere lagundu dituzte.

2002ko herriko jaietan antolatutako tonbola izan da Anelkarren arrakastarik handiena, 6.000 euro baino gehiago lortu zituzten honekin. Gari jotzea izan da euren azken ekintza. Taldearen ekimenetan herritar ugarik parte hartzen du, soberan erakutsiaz euren sentsibilizazioa eta elkartasuna.

Errepasoa eta aldaketak

Biharko antolatu duten baba janean urteurrena ospatuko du Anelkarrek. Aldaketak egiteko ere aprobetxatuko dute, adibidez diruzaina aldatzeko. Kide berriak ere gustura hartuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak