Hostoa lanarekin irabazi du Argazki Lehiaketa Iñigo Alonsok, helduen mailan. Mikel López, berriz, bigarren geratu da, Ilunpeko lanak izeneko argazkiarekin.Sei lagunek hartu dute parte helduen mailan, eta guztira, 17 argazki aurkeztu dituzte.
Aukera zaila
Juan Kruz argazki dendako Mari Paz Ugalde eta Bergarako Kiñu argazki dendako Juanje Amasorrain izan dira epaimahaiko kideak. Euren esanetan, ez da batere lan erraza izan erabakia hartzea; zalantza handiak izan dituzte lehen postuetan geratu diren bi argazkien artean.
Bestalde, Nagore Igarza izan da irabazlea15 eta 25 urte bitartekoen mailan Oreka argazkiarekin. Oier Peñagarikanok, berriz, bigarren saria eskuratu du, Begirada iluna lanarekin. Maila honetan ere sei lagunek hartu dute parte eta 18 lan aurkeztu dituzte. Txikienen mailan, azkenik, sari bakarra eman dute; Julian Ramírez de Okarizek irabazi du, Cabarceno parkian izeneko argazkiarekin.
Asteburuan, erakusketa
Lehiaketara aurkeztutako lanekin erakusketa egingo dute asteburuan; 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:00etara egongo da zabalik. Sariak domekan banatuko dituzte, 19:00etan, Olaranen.