Haurtzaindegia jartzeko asmoa aurrera doa

Aintzane Irizar 2003ko urr. 10a, 11:10
Martitzenean, urriak 7, egin zuten batzarra Herri Ikastetxeko eta Udaleko arduradunek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Xabier Otegirekin, haurtzaindegiaren gaiaz berba egiteko.

Otegik sortu berri den Haurreskolak partzuergoaren berri eman zien, eta herriko ordezkariek euren proposamenak eta nahiak azaldu zizkioten Hezkuntza Saileko arduradunari.

Partzuergoaren helburua da haurtzaindegi publikoak ezartzea, umeak zaindu eta hezteko zerbitzua eskainiko dutenak. Partzuergo hori udalek eta Hezkuntza Sailak osatzen dute, eta azken honek du pisu handiena. Lehenengo fasean, 31 udal sartu dira erakunde horretan. Antzuolako Udalak eginda dauka partzuergoan sartzeko eskaera; Otegik azaldu zienez, laugarren fasean sartu ahal izango da Antzuolako Udala. Horrek esan nahi du datorren urteko irailean hasiko liratekeela proiektua martxan jartzeko lanean.

Bestalde, zera azaldu zien: haurtzaindegia jartzeko egin beharreko egokitzapen lanak Udalak finantzatu beharko dituela. Hasiera baten, %40 edo %45 besterik ez zutela ordaindu beharko esan zitzaien udalei, baina hori aldatu egin da.

Udalak interes handia dauka

Udaleko Hezkuntza batzordeko buru Iñigo Ramírez de Okarizek zera adierazi digu: “proiektua oso interesgarria da herriarendako, eta horren aldeko apustua egingo dugu Udaletik”. Bide batez, gogorarazi digu Udalak apustu globala egin duela etxebizitzak eginez, industrialde baten alde lan eginez eta abar. Eta zera gaineratu digu: “gure nahia da, horrekin guztiarekin batera, bestelako zerbitzuak ere bultzatzea, tartean, haurtzaindegiarena”. Ramirez de Okarizek azaldu digunez, haurtzaindegia izango denaren aurreproiektua dagoeneko eginda dago, eta baita gutxi gorabeherako aurrekontu bat ere. Gauzak horrela, Udaleko arduradunen nahia da ahalik eta azkarren martxan jartzea zerbitzu hori eta datorren urteko aurrekontuetan sartzea egokitzapen lanen gastuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak