Orain dela bi urte erabaki zuen Udalak igogailuak jartzeko dirulaguntzak ematea herritarrei. Ordutik, herriko zazpi etxebizitzatan jarri dituzte igogailuak: Ibarreko bietan eta Errekalde auzoko bost etxebizitzatan.15.000 euro inguruko laguntza ematen du Udalak, aurrekontuaren %20 edo %25, gutxi gorabehera.
Irisgarritasun arazoak
Irisgarritasun arazoei aurre egitea izan zen dirulaguntza horiek onartzearen arrazoia. 1960. eta 1970. hamarkadako etxebizitza ugari dago Antzuolan, eta horietako askok ez daukate igogailurik. Bizilagunak, gainera, gero eta helduagoak dira; ondorioz, irisgarritasun arazoak ere gero eta handiagoak dira.
Baldintzak
Dirulaguntzak lortzeko eta igogailuak jarri ahal izateko ez da baldintza asko bete behar; nahikoa da bizilagun gehienak ados jartzearekin. Orain indarrean dagoen legeak ez du eskatzen bizilagun guztiak ados jartzea; horrela, oztopo arkitektonikoak kentzeari ematen diote lehentasuna.
Etxebizitza askok dute aukera
Dirulaguntzak ematen hasi zenean, azterketa bat egin zuen Udalak; orduan aztertu zuten ze etxebizitzatan zegoen igogailua jartzeko aukera. Azterketa horren arabera, Beheko auzoko etxebizitzek, Lizarragako batek eta Antigua eta Errekaldeko denek dute aukera hori.
Interesa dutenek Udalaren eta Mankomunitateko Suradesa aholkularitza zerbitzuaren laguntza izango dute.